2014(e)ko ekainaren 23(a), astelehena

Nire kontraesanen aurrez aurre: PBL ikastaroa Kanarietan eta jabegabetzearen zutabeak

(Sarrera hau 2014ko ekainaren 23an argitaratua izan zen ainhoaezeiza.net webgunean)

KONTRAESANEN ZURRUNBILOAN KANARIETAN

Sarrera hau atzeratzen ibili naiz eta dagoeneko hilabetea pasa da Kanarietako ULPGCn (Universidad de Las Palmas de Gran Canaria) PBL ikastaroa eman nuenetik, CICEIk gonbidaturik (16 orduko ikastaroa, 2014ko maiatzaren 27-28an). Egun batzuk lehenago, bizitza irauliko zidan Partaidetza, Autogestio eta Jabegabetzeari buruzko mintegian jardun nuen (hemen blog-sarrera) eta harrezkero, Javier Encinarekin nabil bizitza berri bateko lehen pausoak eman nahian, nire kontraesan guztiak agerian jartzen ari zaizkidalarik.

Kontua da ohartzen hasia naizela bai irakaskuntzan eta baita neure bizitza pertsonalean ere dena kontrolpean izateko grinak kalteak eragin dituela/dizkidala (beheraxeago argituko dut), eta jabetze prozesu horren hasieran egokitu zitzaidan Kanarietara joatea PBL metodologiari buruzko ikastaroa ematera.

PBL METODOLOGIAREN ISPILUA: ZER SUSTATZEN ARI NAIZ???

Lehenago ere PBLan aritua naiz, 2010etik. Uste nuen metodologia honek aukera gehiago ematen zizkiela ikasleei autonomiaz eta euren nahietara lan egiteko, baina orain konturatzen naiz proiektuen bitartez ikastea ez dela metodologia tradizionaletatik apenas urruntzen. Izan ere, irakasleak izaten gara proiektuen egitura proposatzen eta gidatzen dugunak, eta ikasleen arteko harremanak sustatu ordez, jarraitzen dugu edukietan oinarritzen, kasu honetan edukia proiektua bera da.

Irakaskuntza proiektuaren garapenaren onbidean oinarrituta, produktuaren arrakastan, a priori erabakitzen dugu zer ikasi behar den eta nola, zein gaitasun zehatz erabili behar diren produktu hori garatzeko eta zer den ikasleen "jardunbide egokia". Ikasleari askatasun sentsazioa eskaintzen zaio baina ez du askatasunik zirkulu zehatz batetik haratago mugitzeko. Gainera, lan-zama handitzen zaio eta ikaskideak presionatu behar ditu proiektua aurrera ateratzeko. Ondorioz, irakasleok botereari eusten diogu baina erantzukizunak delegatzen ditugu, hau da, boterearen betekizunak ikasleen gain jartzen ditugu.

Arreta proiektuan (edukian) jartzen denez, kooperazioa lehenesten da. Lan kooperatiboa asko azpimarratzen da hezkuntza berrikuntza gisa, baina kooperazioak harreman inpertsonalak sustatzen ditu, objektu edo helburuen garapenean oinarritutako harremanak direlako, aurrez diseinatutakoak. Berrikuntzak, horrela, eredu menderatzailea indartzen du, erakunde edo enpresa kultura, eta aukera gutxi uzten dugu bestelako bizipenak edo ikaskuntzak sortzeko.

Hau ulertzea oso mingarria egin zait, ze lagundu egin dut metodologia hau zabal dadin, nire (ustezko) ideologiaren aurka doanean. Ikasleak indefentsio egoeran geratzen dira eta elkarren arteko lehia sustatzen du, proiektua ahalik eta onena izan dadin baita helburua, prozesuan zehar kalitatea bermatzeko sistemak ezarrita (mugarriak, ebaluazio-irizpideak, kontrasteak...). Enpresa ikuspegia sustatzen da hezkuntza erakundeetan eta ondorioz, boterearen aldeko ekimenak dira.

HAUSNARKETA HONEN ERDIAN... PBL TAILERRA EMATEN

Neure buruarekin borrokatan egokitu zitzaidan Kanarietako PBL ikastaroa ematea ULPGCn. Tailerrean zehar, neure kontraesan guztiekin egin nuen topo eta barne-borroka horretan egin genuen lan. Ikastaroan parte hartu zutenekin benetan eskertuta nago, bereziki Juan Rafael Rodríguez-ekin bere gonbiteagatik, hain atsegina izateagatik nirekin eta ikastaro hau emateko nigan erakutsi zuen konfiantzagatik.

Tailerra hasteko, gure unibertsitatean PBL formazio programa aurkezteko erabiltzen den powerpoint erako aurkezpen bat erabili nuen 10 minutuko azalpen bat emateko, eta gero hainbat galdera zuzendu nien, aurkezpeneko edukien ulermen maila konprobatzeko. Partaideek txintxo egin zuten erantzuteko ahalegina, baina gaizki sentitu ziren, bai azalpenaren trinkotasunagatik eta bai galderak ondo erantzuteko ez zirelako gai izan. Kalifikazio negatiboak jarri nizkien.



Galdetu nien zein izan ziren kontraesanak, eta konturatu ziren apropos sentiarazi niela gaizki, ikasleak nola sentiarazten ditugun ulertzeko. Orduan agerikoena argitu zuten: saio magistrala egiten ari nintzen PBL metodologiaz hitz egiteko. Baina hori ez zen problematikoena... Partaideek ez zekiten ezer nitaz, ezta elkarren berri ere, eta nik beraietaz ere ez. Saioa guztiz inpertsonala gertatzen ari zen, partaideek "ikasle rola" hartu zuten eta ondorioz, partehartzea "arrisku" gisa interpretatu zuten.

Orduan, denak klasetik "bota" nituen eta berriz hasi ginen lanean: ikasgelatik kanpo, pasiloan elkartu ginen berriketan egitera, izenak galdetzera, ikaskuntza zer den eztabaidatzera... eta ikasgelan berriz sartzeko zeudelarik, ordurako abesti hau jarrita nuen:



Abesti hau Javi Encinak hautatu zuen, berak musikaz asko daki eta, eta beharbada ez duzu jakingo baina Kanariar Handietako herri-musikaren ordezkari bikainak omen dira, gainera Kanariar Egunaren bezpera zela egokitu zen eta tinpleak entzunda, gustura sentitu ziren sartzean. Hasieran ez ziren ohartu musika hori jartzearen garrantziaz... tailerraren erdialdean galdetu zidaten zergatik ez jarri euskal musika, horrela eurek nigandik ikasiko zuten... ondoren ulertu zuten garrantzitsuena zela beraiek konturatzea ni, irakaslea, ahalegintzen ari nintzela eurak gustura senti zitezen, ez "nire jakintza transmititzen", jakintzaren transmisioa ez baita garrantzitsuena... Hortik aurrera, tailerrean zehar, PBL metodologiaz aritzeaz batera, ahaluztearen zutabe diren kontzeptuak hainbatetan azaleratu genituen.

Hemen nabarmendu nahi dut PBL metodologia eta ahaluztearen ikuspegia tarteratzea kontraesan handi bat dela, PBL metodologia, esan bezala, boterearen erakusle delako, hain zuzen ere ahaluzteak bilatzen duenaren aurka. Horregatik diot oso tailer kontraesankorra izan zela eta, aldi berean, oso argigarria, kontraesan horiek agerian jartzeak balio handia izan zuelako, neuretzat behintzat...

JABEGABETZEAREN ZORTZI ZUTABEAK: AURKEZPENA

Gertaera hau kontatzen ari naiz blog honetan hemendik aurrera jabegabetzearen zortzi zutabeen inguruan ariko naizelako, modu pertsonalagoan. Kanarietako bizipen profesionala hartu dut abiapuntu eta sarrera hau idaztea asko, izugarri kostatzen ari bazait ere, espero dut hau nire bizi-garai baten amaiera eta berri baten hasieraren erakusle izatea...

Hona zortzi zutabeak, Kanarietan gertatu zitzaidanarekin labur-labur irudikatuta... eta kontuan izanda KONTRAESAN orokor bat dela... kontraesanez beteta bizi baitut azken hilabetea.

1. ZAINTZAK:
Talde-lanak ikaskideak barruraka begiratzera behartzen ditu, euren talderantz. Tailerrean zehar, asko azpimarratu genuen zein garrantzitsua zen ingurura begiratzea, ikustea denok ondo geundela eta elkarri laguntzea, laguntzeak geure lanean atzerapena ekar badezake ere. Proiektua ondo bukatzea baino askoz garrantzitsuagoa da gure taldea, gure kolektiboa edo gure komunitatea ondo sentitzea eta horretarako, arreta jarri behar da ea denok ondo gauden.

Ikusi genuen elkarren arteko zaintzek giro atsegina sustatzen zutela eta ondorioz, askoz hobeto egiten ari ginela lanean. Tailerraren bigarren egunerako, lanerako musika-proposamenak hasi ziren botatzen tailerreko partaideak eta horrela, klaseko giroan hain garrantzitsua izan zen musika irakaslearen kontroletik ikaskideenera pasa zen. Musika atsegina partekatzea elkar zaintzeko modu bat bezala ulertu zen.

Kontraesana: Han nengoela, neroni ez nintzen konturatu ez nintzela nire bizitza pertsonala zaintzen ari, profesionalari lehentasuna eman bainion, eta maite ditudanekin ez nintzela arretatsua izaten ari... nire maitearekin...

2. ASKATASUNA
Disentsuan eta disentsuaren konplexutasunean oinarrituta ulertzen da askatasuna ahaluztean, kontsentsuak botere-bideetara eta izura baikaramatza. Asko hitz egin genuen ikasleen askatasunaren balioaz eta horretarako, proiektuak aurrez diseinatu ordez (metodologia) erabateko irekitasuna baliotsuagoa zela. Ez dugu zertan ados jarri denok proiektu bera egin dezagun edo modu berean egin dezagun. Gure kasuan, partaide batzuk taldeka aritu ziren proiektu bakarrean eta beste batzuk bakarka aritu ziren euren proiektua garatzen.

Interesgarriena izan zen nola ikasi genuen denok proiektu guztietatik "azterketarik" gabe eta ebaluazio prozesurik gabe. Taldea barrura begira egon ordez denok elkarren adi geundenez, elkar zaintzeko, errazagoa izan zen elkarrengandik ikastea, ebaluazioaren botere mugatzailea aplikatu gabe.

Kontraesana: Bitartean, askatasunaz gozatzeko behar den denbora hartu beharrean, saiatzen ari nintzen leku guztietan egoten eta inon ez egotea lortzen ari nintzen... deskokatuta nengoen eta nire ingurukoak ni zaintzen baninduten ere, "mirabetza boluntarioan" nengoen ni... eta neure burua etengabe ebaluatzen...

3. ERAIKITZE KOLEKTIBOA
Kolektiboki eraiki nahi bada, ez da a priori zehaztu behar zer eraiki behar den (horregatik ez da egokia PBL metodologia eraikitze kolektiborako), bestela ez baita kolektiboa, goitik ezarria baizik. Eraikitze horretan, bat datoz pentsatzea, sentitzea eta egitea, hiruretako bat bera ere baztertu gabe, eta elkarrekin eraikitze horrek disentsoaren askatasunean behar du izan.

Kolektiboki gutxi eraiki genuen tailerrean zehar, baina tailerraren programari kasurik egin ez nionez, aukera izan genuen elkarrekin pentsatzeko, gure artean gero eta lasaiago eta giro atseginagoan egoteko eta elkarrekin lan egiteko.



Kontraesana: Gaur gaurkoz, oraindik ez dut lortu sentitu/egin/pentsatu bateratzea... hala ere, tailer hau lehena izan da hiru alderdiak gertu izan ditudanak, nire sentipenak indarrez bultzaka ari zirela eta... lehen egunean sentipenak ixiltzen saiatu ondoren, askatuta dena hobeto zihoala konturatzeko balio izan dit ikastaro honek... eta hori asko izan da...

4. KONFIANTZA
Konfiantza ezinbestekoa da eraikitze kolektiboan eta elkarren zaintzarekin batera doa, zainduta sentitzea eta besteak zaintzeko ardura hartzea konfiantza giroa sortzen laguntzeko gako dira. Konfiantza gauzatzeko, beharrezkoa da arreta harremanetan jartzea eta ez edukietan edo proiektuan. Horregatik izan zen garrantzitsua tailerraren hasieran anonimotasunaren eta inpertsonalitatearen aurrean partaideak agurtzea, besarkatzea, izenak ezagutzea... eta ikasleak ikusi ordez, pertsonak ikustea, jendea.

Irakaskuntzan ez gaude ohituta ikasleengan konfiantza izatera eta hori izaten da botere kohertzitiboa ezartzeko dugun arrazoi nagusia. Konfiantza harremanak bilatuta, ez dugu horrenbeste ebaluatu eta kontrolatu beharko. Juan Rafaelek egiten duen eran, ikasle-irakasle harremana apurtu eta kide-laguntzaile gisa lan egitea da konfiantza izatea irakaskuntza testuinguruetan.

Kontraesana: nire harreman pertsonaletan ezartzen dudan kontrola konfiantza faltan oinarritzen da, baina horretara ohituta, ez nuen sinesten konfiantza egotean ez dela beharrezkoa kontrola izatea... alegia, kontrolari eusteko dudan behar horrek konfiantza falta erakusten du eta horretaz ohartzeak kontraesan mingarria eragin zidan.

5. ELKARREN MENDETASUNA ETA AUTONOMIA
PBL metodologian beti aipatzen da elkarren mendetasunaren ideia, baina PBLn modu kooperatiboan planteatzen da, ez modu kolaboratzaile-eraikitzailean, beti irakaslearen boterepean. Ahaluztean, mendetasuna eta autonomia harremanetan oinarritzen da, ez edukietan, eta horrela, egoeraren araberako lidergoa da jakintzak partekatzeko eta garatzeko modua, errepikapen sortzailean oinarrituta.

Tailerrean, errepikapen sortzailean oinarritu ginen gure i(ra)kaskuntza esperientziak trukatzeko, eta ikusi genuen horrek tentsioa arintzen duela, errepikapenak arindu egiten du berriarekiko tentsioa, eta ekarpen berriak errazago partekatzen dira horrela. Egia esan, oso jostagarriak dira errepikapen sortzaileak, poza eragiten dute. Posterren muntaketan ere, polita izan zen mendetasun hori nola gauzatu zen ikustea, elkarri eman baitzioten laguntza taldekideak izan zein ez.

Kontraesana: konturatzen hasi nintzen nire harreman pertsonaletan "kamaleonikoa" izan naizela, autonomiari uko egin eta mirabekeriaz jokatu izan dudala... alegia, neure nitasunari uko egin eta egoeraren arabera moldatzeko joera izan dut, eta horrek egoera desastrosoetara eraman nau... nahiz eta uste nuen dena ondo zihoala...

6. ALAITASUNA
Zorionak perfekzioa bilatzen du, eta zorion horren bila, azkenean masa kulturan, materialismoan, kontsumismoan eta tristezian erortzen gara. Alaitasuna, berriz, unean unekoa da, ez du eskatzen bilatzea eta oso erraza da lortzen. Tailerrean tentsio uneak izan ziren, eta alaitasunaren bitartez, txantxak eginez, musika atseginaren laguntzaz eta elkarren zaintzaren bidez lortu genuen konfiantza areagotzea.

Kontraesana: Bizitza berrian ematen ari nintzen lehen pauso horiek oso pozgarriak izanik ere, sentipenak egiten ari nintzenarekin eta nire pentsamenduekin kontraesanean zeudenez, une larriak pasa nituen gau kanariarretan... ezin alaiago egon beharrean...



7. DESAZKUNDEA
Desazkundearen kontzeptua tailer honetatik urrun samar dagoela badirudi ere, tailerraren planteamendua izan da desazi egin dena. Konparazioz, Albaidan (Valentzian) eman nuen tailerrean  askoz baliabide, tresna, material eta egitura metodologiko korapilotsuagoa erabili nuen. Tailer honetan, erabaki nuen diseinua apurtzea eta arian-arian garatzea tailerra, sortzen zenari adituz eta partaideekin batera sortzen ziren elkarreraginen arabera.


Jauzi handia izan zen baina askoz jarioakorra izan zen tailerra horrela. Askoz gehiago prestatu behar da dena (materiala, aukera desberdinak...) baina tailerreko partaideekin harreman naturalagoa eta adeitsuagoa izaten lagundu zuen.

Kontraesana: beno... kasu honetan kontraesana zen 5 izarreko hotel batean nengoela... Desazkundearekin askoz hobeto sentitzen naiz eta halako hotelez disfrutatzen badakit ere, leku apalago batean hobeto sentituko nintzen. Eskerrak hotel aldameneko tabernan oso bizipen dibertigarria izan nuela :-)

8. ITXAROPENA
Itxaropena, itxarokizuna... nire itxaropena da kontraesan hauek gainditzeko gaitasuna izatea... segurtasunetik alde egin eta gezurrezko mundua behingoz zokoratu ahal izatea... zenbaitetan zalantzati banabil ere, beldurti... plastikozko bizitza utzi eta sakontasunez, emozioz eta alaitasunez bizi nahi dut... eta onena da laguntza beharko dudala horretarako, ezin baitut bizitza hau bakarrik egin... ;-)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina